DENOK EUSKAL HERRIAREN ALDE!

Francoren garaian bezalaxe, gaur egun ere Euskal Herria salbuespen-egoeran dago dekretuz. Langileen zein abertzaleen erakunde demokratiko iraultzaileak suntsitzeko, PPko gobernu faxista neurrigabeko errepresioa eta gerra zikina erabiltzen ari da etsi-etsian. Jakina denez, duela zenbait hilabetetatik peperoek eta talde parlamentario sopikunek Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren (ENAM) eta, oro har, estatu osoko Erresistentzia Mugimenduaren borroka eta aurrerapausoak gelditzeko neurri kontrainsurgenteak prestatzen dihardute, eta ezker abertzaleko EKIN taldeko 20 lagun kartzelatu izana lehenbiziko urratsa izan da neurriok ezartzeko.

Estatuaren jazarraldiaren xede nagusia herri-erresistentziako abanguardia-erakundeek erregimen faxistaren kontra egiten dituzten salaketa lanak ezereztatzea da eta, aldi berean, erakunde hauen bizkortze politiko, militar eta organikoa galaraztea. Gero eta isolatuago egonik, krisi ekonomiko larria eragiten ari den herriaren ezinegona sumaturik eta gerrillaren erasoek estuturik, finantzari handien gobernuak ez du errepresio basatiaz beste irtenbiderik topatzen eta, faxismoaren sasoirik ilunenetan legez, Euskal Herriari oldartzen zaio bereziki. Dena den, ezin dezakegu geure burua engaina: Euskal Herriko salbuespen-egoera laster barru Espainia osora zabalduko den izugarrizko bortizkeria aldi baten hasiera baino ez da.

Mehatxua, beraz, eginda dago, eta hemendik aurrera, salbuespen-lege berrien ezarpenarekin batera, edozein demokrata, abertzale edo antifaxista torturatua edo luzaz espetxeratua izan daiteke. Zalantzarik gabe, estatua lege hauetaz baliatuko da erakunde iraultzaile eta gerrillariak suntsitzen saiatzeko, haien militanteak eta preso politikoak sarraskitzeraino. Gogor eutsi dezagun, bada, bortizkeria bolada berriaren aurrean! Bitarteko guztiez erakuts dezagun estatu faxistaren amorruzko erasoek ez gaituztela kikilduko! Jarrai dezagun mobilizatzen eta jendea antolatzen zapalkuntza eta errepresioaren aurka!

Gaur eta hemen dei egiten diegu Espainiako langile, gazte eta antifaxista guztiei Euskal Herriarekiko beren elkartasuna adieraz dezaten, batik bat ENAM osatzen duten erakundeekikoa. Euskal herriak gure atxikimendua nabaritu behar du, argi ikusi behar du bere borroka legitimoa geure egiten dugula. Baina batez ere bat egin behar dugu erregimen zapaltzaile, errepresibo eta bortitzaren aurka, behin betiko eta erabat deuseztatu arte.

Geldi dezagun faxisten erasoaldi bortitza!
Bat egin dezagun Euskal Herriaren borrokarekin!

Euskal Herriko Erakundea
2000ko iraila