Gose greba mugagabea, borroka mugagabea

Gaztesarea.net

1981 urteko martxoaren 14ean PCE(r) (Espainiako Alderdi Komunista (eraberritua)) eta GRAPOko bi preso politikoren gose greba hasi zen Herrera de la Manchako kartzelan inposatutako hilketa erregimenaren aurka. Kepa Crespo Galende izan zen honi hasiera eman ziona, eta jarraian hainbat presok jarraitu zioten. Euren eskaerak argiak ziren, batetik, tratu duin eta gizatiarra, eta bestetik, Herrera de la Manchako kartzelatik ateratzea.

Garai horretan Espetxe Inspektore Orokorra zen Emilio Talaveraren ustetan, GRAPO eta gobernuaren arteko pultsoa besterik ez zen. Ziur zegoen, presoek ez ziotela gose grebari denbora luzean eutsiko. Presoek gose greba bitartean, hainbat oztopo, presio eta traba gainditu behar izan zituzten, imagina daitezkeen baldintzarik gogorrenetan.

Apirilaren 28an Crespo Galende presoa odola botaka hasi zen, zorabio, min eta egonezin orokortuaren baitan. Botalarrien ondorioz, ezin du ur mineralik edan, honek botagura ematen duela eta. Bere egoera fisikoak okerrera egin zuen nabarmen, eta hala ere, Madrilera eramaten dute, epaiketa batera. Bitartean, Carabancheleko kartzelan sartzen dute. 40 egun zeraman gose greban. Espetxeko ospitalean isolatzen dute, bere kideen konpainiarik gabe, bakarrik, kartzelarien eskuetan. Greba utz zezan presionatua eta koakzionatua izan zen. Gutxinaka, preso gehiago iristen dira espetxeko ospitalera, eta kartzelarien presioak etengabeak ziren. Justizia Ministerioak psikologo talde bat bidaltzen du presoek greba utz dezaten konbentzitzen saia zitezen.

Cresporen egoera larriaren aurrean, Fernandez Ordoñez Justizia ministroak onartu egiten du presoen abokatuen ordezkaritza batekin biltzea. Honek baimendu egiten du presoak mediku independiente batek aztertuak izan daitezen, presoek edaten zuten ur minerala aurrez tratatutakoa eta bitaminaduna zelako susmoa baitzuten. Medikuak susmoak baieztatzen ditu, larritasunaren baitan, modu honetan, Crespok gose greban beste 150 egunez irautea lortu zezakeela adieraziz. Hau dela eta, presoek ekainaren 5ean egarri grebari ekin zioten gose grebarekin batera. Crespok behin eta berriz dio ez dela Herrerara bizirik itzuliko lurretik kolillak jasotzera. Momenturik txarrenetan ere, Crespok argitasun bikaina eduki zuen. Bizirauteko hil, zioen. Kartzeletan modu duinean bizi ahal izateko heriotzaraino borrokatu beharra zegoen, eta Barne Ministroari erakutsi behar zitzaion preso politikoak ez zirela prest zanpatuak izateko, ezta kartzeletatik zizareen moduan arrastaka ibiltzera ere.

Bitartean, prentsaren intoxikazio kanpaina etengabea da. Kartzelako ospitaleko zuzendariak Crespo egoera bikainean zegoela eta litxarreriak ere jaten zituela esatera iristsi zen. Justizia ministroak aldiz, halabeharrezko elikadura inposatzearen mehatxua luzatu zuen publikoki, gose eta egarri greba eragitear zegoen amaiera lazgarriaren aurrean.

1975. urtean Munduko Elkarte Medikuaren Tokioko deklarazioak hau dio elikadura indarrez apikatzearen inguruan: Presoa ez da derrigortua izango elikadura artifiziala hartzera elikagaiak hartzeari uko egiten dionean, eta medikuaren ustetan era razionalean bere erabakiaz jabe izan eta boluntarioki hartutako erabaki honek ekar ditzakeen ondorioen jabe denean. Presoak bere erabakiari dagokion kontzientzia gaitasunaren gaineko uste hau, gutxienez, beste mediku independiente batek aztertu behar du zilegia izateko. Elikagaiak hartzera uko egiteak eragin ditzakeen ondorioak presoaren medikuak azalduko dizkio.

Baina gobernuak bere interes politikoak guztiaren eta guztien gainetik inposatzen saiatu zen, indarrezko elikadurari uko egiten zioten presoen aurkako bortxakeria latzena erabiliz. Espetxeko Ospitaleko gose grebalariak ohera lotu zituzten, indarrez, serumaz elikatuz zain barneko bidez. Kepa Crespo erdi konorterik gabeko egoera batean sartzen da, delirio momentuekin. Denbora gutxian hainbat alditan galtzen du denboraren nozioa. Ekainaren 8an koma egoeran sartzen da Kepa, eta La Pazeko ospitalera lekualdatzen dute. Medikuek bere egoera oso larritzat jotzen dute, eta epe oso motzean heriotza gertatu daitekeela adierazten dute. Gobernuak bestalde, medikuek esandakoak gezurtatu eta hobekuntzaz mintzatzen dira. Bere egoera larriaz eta medikuen protestez gain, Crespo zegoen ospitaleko solairua poliziaz josten dute, ohean lotzen dute esku eta hanketatik, eta sueroa injektatzen ditoe, bere agonia luzatzeko.

97 egun gose greban. Kepa hil egiten da. Espainiako Alderdi Komunistako militantea zen Euskal Herrian, eta alderdiko propaganda aparatu nagusiko kidea zen. Bere kideen antzera, ez zioten amnistiarik aitortu, eta epaileek ez zuten kondenatua izan zen ekimenaren izaera politikoa kontutan izan. Konstituzioa onartu baino lehenago atxilotu zuten, eta konstituzio antidemokratiko horren beraren izenean erail zuten.

Lehenbiziko aldia zen espainiar estatuaren historian preso politiko bat gose greban hiltzen zena.

Crespo Galenderen heriotzaren 25. urteurrena

Greba aldiz, ez da hor amaitzen. Kepa Cresporen heriotzak preso gehiago hurbildu zituen grebara, eta hainbat dira bizitza eta heriotzaren artean daudenak. Cresporen heriotza eta gero, presoak medikuen bisitak jasotzeari uko egiten diote, edozein tratamendu forma jasotzeari uko egiten diote, ospitaletara trasladatuak izateari uko egiten diote, bere agonia artifizialki luzatu dezaten ekiditeko. Gobernuak Zaintza Intentsiboen Unitatetara eramaten hasten da presoak, gaia espetxeen errealitatetik urruntzeko ahaleginean, sueroa injectatu eta euren agonia era mugagabean luzatzeko. Honen aurrean, presoek egarri grebari ekiten diote.

Ospitaletako langileak Gobernuaren aginduei uko egiten hasten dira, presoei indarrezko elikadura ezartzearen kontra. Talde armatuekin kolaboratzea leporatzearekin mehatxatzen dituzte langileak. Madrilgo Medikuen Kolegioa eta Torturaren Euskal Medikuen Taldea presoen alde agertzen dira, eta indarrezko elikaduraren kontra.

Kalean ugariak dira elkartasun keinu eta ekimenak, eta honek ahultasun egoeran uzten du Suarezen gobernua. Negoziatzera behartuta dago. Azken momenturaino saiatu zen maniobratzen. Ezin du utzi beste heriotzarik gertatzea.

Mobilizazioak ugaritu degiten dira, gobernuak grebari amaiera eman nahi dio edozerren gainetik, eta Herreratik atera eta beste kartzela batean bizimodu duina eraman ahal izateko presoen eskaera beteko duela dio gobernuak sei hilabeteko epean.

Presoek euren exijentziak errespetatu eta bete zitezen lortu zuten, baina ezinezkoa izango zen honen inguruan piztu zen elkartasunezko mugimendua piztu izan ez balitz.

Kepa Crespo euskal herritarraren heriotzaren berri izan zenean, Euskal Herriko hainbat tokitan mobilizazioak izan ziren, eta Amnistiaren aldeko mugimenduaren eskutik zein presoen senideen eskutik ere hainbat ekimen izan ziren gose greba bitartean eta Crespo hil zenean ere. Portugalete, Donostia, Arrasaten, Ondarrun, Hernanin, Oreretan, Bilbon, Iruñean, Eibarren... Euskal Herriko hainbat tokitan izan ziren protestaldiak.

ETAko presoek ere elkartasuna adierazi zieten gose grebalariei, eta presoen aldarrikapenen alde mobilizatzeko deia egin zioten euskal jendarteari Eginen argitaratutako eskutitz baten bitartez.

Irlandan aldi berean ematen ari zen gose grebak ere eragina izan zuen...

Sei hilabeteko epean presoen aldarrikapenak egikarituko zituztela esan bazuten ere, bi urte beranduago bete zituzten bete beharrekoak, 1983an.

1990.urtea, 800 preso politiko Espainiako kartzeletan

1990. urtearen bueltan, 800 preso politiko inguru zeuden, erakunde antifaxista, libertario, komunista eta independentistetako kideak izate hutsagatik itzalpean.

1989. urteko abuztuaren 21ean GRAPOko bi kidek ekiten diote gose grebaa mugagabeari, Almeriako kartzelan jada urtebetez pairatzen ari ziren isolamendu egoeraren aurka. Bizi baldintza duinak eskatzen zituzten, eta kartzelarien aldetiko umiliazio eta probokazio etengabeak amaitu zitezela. Irailaren 1ean espetxeko ospitalera eramaten dituzte, non kartzelarien eskuetan tratu txarrak pairatzen dituzten. Hilabete bereko 5. egunean Soriako espetxeko 4 kide batzen dira gose grebara, Almeriako kideekin elkartasunean. Hilabete beranduago 25 preso dira gose greban, Madril, Soria, Basauri, Daroca eta Castellon.

Urrian hauteskundeak ospatzekoak ziren, eta honekin lotuta, PSOEk presoen aldarrikapenak beteko dituela adierazten du. Hauteskundeak igaro eta ezer ez. PCE(r)ko eta GRAPOko presoak lekualdatzen dituzte, horien artean GRAPOko kide zen Carmen Cayetanok tratu txarrak pairatzen ditu Sevilla IIra iristean, non ohera lotzen duten, eta kartzelariek biluztu egiten duten.

Enrique Mugika Justizia Ministroak presoak indarrez elikatzearen kontra agertzen zirenei buruhilketari laguntza ematea dela dio, eta hortaz delitua. Azkenik, medikuntzako arau deontologiko guztien aurka, Auzitegi konstituzionalak zain barne bidez behartutako elikatzearen inguruko neurri bat onartzen du. Preso batek eskutitzan zioen: ez digute hiltzen uzten, bizitzen ere ez.

Josefina Garcia Aranburuk, Basauriko kartzelan preso, honela deskribatu zuen 1990ean idatzitako eskutitza batean behartutako elikatzea: 45 egunetara indarrez elikatzea erabaki zuten. Niri gehienez jota, 48 orduko bizia ematen zidaten, eta Carmeni pixka bat gehio. Bederatzi egunez egon gara elikadurarekin, ahal dugun bezala boikoteatzen saiatuz. Carmenek ez du ur tanta bat ere edan daramagun denbora guztian, eta zenbait teknika asmatu zituen, elikagaien sarrera sahiestearren. Ni, zaintza intentsiboetan izan nintzen bost egunetan, alde guztietatik bortxatua izan nintzen. Zain jugularra, sondak sudurretik eta toki guztietatik... Precitene izeneko elikagai bat aplikatzen dizute sonda bidez, bitaminak, hierro, potasioa, kaltzioa... dituena. Zaintza intentsiboetara eramaten bazaituzte, seruma zainetatik sartzen hasten dira, eta gero Precitene delakoa. Jugularra ireki eta beste serum desberdin bat jartzen dizute. Pixka bat beranduago, hori kendu eta elikadura parenterala deitzen dutena sartzen dizute, pasta txuri bat, janari batek dituen osagai guztiak dituena. 3 kilo 24 ordutan. Jugularretik kentzen dizuten serum mota, zainetik sartzen dizute, bestearekin batera. 48 ordutara, jugularraren elikadura kendu eta berriz seruma sartzen dizute. Hori gutxi balitz, beharrezkotzat jotzen duten elikaduraz gain, albumina jugularretik eta burdina ahotik. Zunda eta kablez beteta nengoen, ze gero, elektrolitoak ere badaude, bihotza kontrolatzen duen pantaila bati konektatuta. Eta okerrena zera da, lehenbiziko kablea kentzea lortu duzunerako, baduzula beste langile bat gainean.

Abenduaren 27an, 8 preso dira ospitaleratuak, ohetara esposatuak eta indarrez elikatuak. Zenbait abokaturi presoak ikustea debekatu zitzaien.

Urtarrilean 24 preso dira ospitaleratuak.

Sevi, 177 egun gose greban
Jose Manuel Sevillano, Sevi

GRAPOko militantea zen Jose Manuel Sevillano 1990eko urtarrilaren lehenbiziko astean ospitaleratzen dute bere egoera larria dela eta. Martxoaren 1a arte izan zuten bertan, indarrez elikatuta.

Kinka larrian zen Sevillano, honela adierazi zuen azterketa mediko batek. Apirilaren 18an, beste presoekin batera, zunda askatzea lortzen du, eta beharrezko elikatzeari uko egiten dio berriz. Alcala Mecoko kartzelako erietxera trasladatzen dute, hiriko ospitalera beharrean.

Bihotzeko batek ematen dio trasladatuta izan eta ordu gutxitara, eta gobernua gertakaria estaltzen saiatzen da. Maiatzaren 12an beste bihotzeko batek ematen dio, medikuek hitzat jo, eta Gregorio Marañon ospitalera eramaten dute erreanimatzera. Koma egoeran zen, eta ospitaleak bizirik mantendu zuen era artifizialean, gobernuak denbora irabaz zezan bitartean. Sevillano hil egin zen.

70 preso inguruk parte hartu zuten gose greban, PCE(r) eta GRAPOko kideak.

Preso guztien egoera larria zela eta, PCE(r)ko zuzendaritzak gose grebak bertan behera utzi ditzaten agindu zien, presoek euren eskubideen defentsan guztira 14 hilabetez iraunarazi zuten gose greba.

Prezioa altuegia zen, fruiturik ez emateko adierazi zuen PCE(r)k. Ez dugu gobernuaren eskutik ezer lortu, Sevi galdu dugu, eta gure kideen osasunak nabarmen egin du okerrera.

Gobernuak aldiz, ez du lortu gu desmoralizazioan, damuan sumitzea, eta bere derrota politiko eta morala begi bistan da.