‘Gelatik arrastaka ateratzen saiatu ziren iletik tiraka’

Berria, 2007/7/7

GRAPOko kideak torturak salatu ditu, eta hilabeteren buruan jasandakoaren arrastoak dituela dio estitxu zabala.

Jorge Garcia Vidalek, GRAPO Urriaren Leheneko Erresistentzia Talde Antifaxistako kideak, torturatu egin dutela salatu du Socorro Rojo taldearen bidez. Espainiako Guardia Zibilak duela hilabete atxilotu zuen, Bartzelonan, eta berak dioenez, oraindik ere jasotako jipoiengatik sufritzen jarraitzen du. Eskuetako hatz lodiak lo, hanka eta besoetan kolpeen seinale eta hematomak, bizkarrean min jasangaitza, eta sudurra eta saihetsak leherturik dauzkat, azaldu du gazteak.

Bartzelonako liburutegi batean beste hainbat gazterekin zegoela atxilotu zuten Garcia Vidal, «hiru guardia zibilek lurrera bota ninduten eta atxiloturik nengoela oihukatu zidaten». Talde armatuko kidea oihuka hasi zen, eta, orduan, guardia zibil gehiago oldartu zitzaizkion gainera. Azkenean, pistola bat jarri zioten buruan eta isiltzen ez bazen tiro egingo ziotela esan zioten. Atxilotuak oihuka jarraitu zuenez, poliziek aurpegian ostikoka erantzun zioten, eta sudurretik eta ahotik odoletan hasi zen, aurpegia kamiseta batekin tapatu zidaten, eta gelatik arrastaka ateratzen saiatu ziren iletik tiraka. Bitartean, beste batzuk segituan arduratu ziren odol orbainak lurretik kentzeaz, ezin zutela arrastorik utzi zioten.

Sudurrean jaso zituen kolpeak zirela eta, ospitalera eraman behar izan zuten GRAPOko kidea. Bertan, burua estalirik eduki zuten, eta medikuari esan zioten arriskutsua zela haren aurpegia ikustea bere burua zauritu zuelako.

Gaztearen esanetan, azken egunetako tortura psikikoa izan zen fisikoa baino gehiago, Goikoen abisuren bat jasoko zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalean egin behar nuen deklarazio eguna hurbiltzen ari baitzen.

TRATU TXAR PUBLIKOAK

Egun, Madrilgo Soto del Real espetxean dago Garcia Vidal. Haren hitzetan, jasandako jipoi eta tratu txarrak publikoak izan ziren, kalean egindakoak. Beraz, esandakoa egiazkoa dela ziurta dezakeenik bada: liburutegian zeuden ikasleak, ospitaleko medikuak baita gainerako gaixoek eta kazetariek ere.